1. helburua: Pobrezia-mota guztiak desagertzea, mundu osoan.

1.1. 2030erako, munduko pertsona guztientzat desagerraraztea muturreko pobrezia. Gaur egun, muturreko pobreziatzat hartzen da Ameriketako Estatu Batuetako 1,25 dolarretik beherako diru-sarrera izatea, pertsonako eta eguneko.

1.2. 2030erako, pobreziaren dimentsio guztietan bizi diren adin guztietako haurren, gizonen eta emakumeen proportzioa gutxienez erdira murriztea (nazio bakoitzean pobrezia nola definitzen den kontuan hartuta).

1.3. Nazioetan, babes sozialeko sistema eta neurri egokiak ezartzea guztientzat, gutxieneko mailak ere barnean hartuta, eta, 2030erako, pertsona pobre eta zaurgarrientzako babes zabala lortzea.

1.4. 2030erako, gizon eta emakume guztiek, bereziki pobreek eta zaurgarriek, baliabide ekonomikoak izateko eskubide berbera dutela bermatzea, bai eta honako hauek izateko aukera dutela bermatzea ere: oinarrizko zerbitzuak; lurraren eta beste ondasun batzuen gaineko jabetza eta kontrola; herentziak; natura-baliabideak; teknologia berri egokiak; eta finantza-zerbitzuak, mikrofinantziazioa barne. 

1.5. 2030erako, pobreen eta zaurgarritasun-egoeretan dauden pertsonen erresilientzia sustatzea, eta haiek klimari, ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari lotutako bestelako krisi eta hondamendien eraginpean egoteko duten arriskua eta horren ondoriozko zaurgarritasuna murriztea.

1.a. Hainbat iturritatik datozen baliabideen mobilizazio esanguratsua bermatzea, baita garapenerako lankidetza hobetuz ere, aurreikusteko moduko nahikoa baliabide emateko garapen-bidean dauden herrialdeei, batez ere aurrerapen txikienekoei, pobreziari dimentsio guztietan amaiera emateko programa eta politikak ezartzeko.

1.b. Nazioetan, eskualdeetan eta nazioartean, araudi-esparru sendoak sortzea, pobreen aldeko garapen-estrategiak oinarri hartuta eta genero-kontuak aintzat hartuz, pobrezia desagerrarazteko neurrien aldeko inbertsio azkarrak bultzatzeko.

2. helburua. Gosea amaitzea; elikagai-segurtasuna eta elikadura hobea lortzea; eta nekazaritza jasangarria bultzatzea.

2.1. 2030erako, gosea amaitzea eta pertsona guztiek urte osoan elikadura osasuntsua, nutritiboa eta behar bestekoa eskuratzeko aukera dutela ziurtatzea, bereziki pobreek eta zaurgarritasun-egoeran daudenek, bularreko umeek barne.

2.2. 2030erako, malnutrizio-modu guztiak desagerraraztea; beranduenez ere 2025ean, hazkundearen atzerapenaren eta 5 urtetik beherako umeen ahulduraren gainean nazioartean hitzartutako xedeak betetzea; eta nerabeen, haurdun daudenen eta bular-emaile diren emakumeen eta adineko pertsonen nutrizio-beharrei erantzutea.

2.3. 2030erako, eskala txikiko elikagai-ekoizleen nekazaritza-ustiapena eta diru-sarrerak bikoiztea (bereziki, emakumeenak, herri indigenenak, familia-nekazarienak, abeltzainenak eta arrantzaleenak), besteak beste sarbide segurua eta ekitatiboa eskainiz lurretara, beste ekoizpen-baliabide eta input batzuetara, ezagutzara, finantza-zerbitzuetara, merkatuetara eta balio erantsia sortzeko eta nekazaritzakoak ez diren bestelako enpleguak lortzeko aukeretara. 

2.4. 2030erako, elikagaien ekoizpen-sistemen jasangarritasuna ziurtatzea; eta, horrez gain, honelako nekazaritza-politika erresilienteak aplikatzea: produktibitatea eta ekoizpena areagotzen dutenak; ekosistemei eusten laguntzen dutenak; klima-aldaketara, muturreko fenomeno meteorologikoetara, lehorteetara, uholdeetara eta beste hondamendi batzuetara egokitzeko gaitasuna indartzen dutenak; eta pixkanaka lurraren eta lurzoruaren kalitatea hobetzen dutenak.

2.5. 2020rako, hazien, landatutako landareen eta landetxeetako nahiz etxeko animalien eta haiekin lotutako baso-espezieen dibertsitate genetikoari eustea, besteak beste hazi- eta landare-bankuen kudeaketa egokiaren eta dibertsifikazioaren bidez (nazio barruan, eskualdeetan eta nazioartean); eta, horrez gain, baliabide genetikoak erabiltzetik eta ezagutza tradizionaletik datozen irabazietarako sarrera sustatzea eta bidezko banaketa egitea, nazioartean hitzartutakoaren arabera.

2.a. Landa-azpiegituretako, nekazaritza-ikerketako, hedapen-zerbitzuetako, teknologia-garapeneko eta landareen nahiz ganaduen gene-bankuetako inbertsioak handitzea, baita nazioarteko lankidetza handiagoaren bidez ere, garapen-bidean dauden herrialdeen nekazaritza-ekoizpenerako gaitasuna hobetzeko, batez ere aurrerapen txikieneko herrialdeena.

2.b. Munduko nekazaritzako eta abeltzaintzako merkatuetan, merkataritza-murrizketak eta -distortsioak zuzentzea eta saihestea, besteak beste aldi berean nekazaritza-esportazioei diru-laguntza guztiak kenduz eta pareko ondorioak dituzten esportazio-neurri guztiak kenduz, Garapenerako Dohako Errondaren aginduarekin bat eginez.

2.c. Elikadurako oinarrizko produktuen eta haien eratorrien merkatuak ondo dabiltzala ziurtatzeko neurriak hartzea eta merkatuei buruzko informaziorako sarbide egokia ematea, batez ere elikagaien erreserbei buruzkoa, elikagaien prezioen muturreko gorabeherak mugatzen laguntzeko.

3. helburua. Guztiontzat eta adin guztietan bizimodu osasungarria bermatzea eta ongizatea sustatzea.

3.1. 2030erako, amen munduko heriotza-tasa murriztea, bizirik jaiotako 100.000 umeko hiltzen diren amak 70 baino gutxiago izan daitezen.

3.2. 2030erako, jaioberririk eta 5 urtetik beherako umerik ez hiltzea, saihesteko moduko arrazoiengatik, eta, horretarako, herrialde guztiek ahalegina egitea bai jaioberrien heriotza-tasa murrizteko, bizirik jaiotako 1.000 umetik hildakoak gehienez ere 12 izan daitezen, eta bai 5 urtetik beherako haurren heriotza-tasa murrizteko ere, bizirik jaiotako 1.000 umetik hildakoak 25 baino gehiago izan ez daitezen.

3.3. 2030erako, HIESaren, tuberkulosiaren eta malariaren epidemiak nahiz aintzat hartu ez diren beste gaixotasun tropikal batzuk desagerraraztea eta hepatitisari, uraren bidez transmititutako gaixotasunei eta transmiti daitezkeen beste gaixotasun batzuei aurre egitea.

3.4. 2030erako, heren bat murriztea transmititzen ez diren gaixotasunen ondoriozko heriotza goiztiarrak, prebentzioaren eta tratamenduaren bidez, eta, horrez gain, osasun mentala eta ongizatea sustatzea.

3.5. Mendekotasuna sortzen duten substantzien neurriz gaineko kontsumoaren prebentzioa eta tratamendua indartzea, estupefazienteen erabilera desegokia eta alkoholaren kontsumo kaltegarria barne.

3.6. 2020rako, trafiko-istripuek eragindako heriotza- eta lesio-kopurua erdira murriztea munduan.

3.7. 2030erako, sexu-osasuneko eta ugalketa-osasuneko zerbitzuetarako sarbide unibertsala bermatzea (familia-plangintzako, informazioko eta hezkuntzako zerbitzuetarako sarbidea barne), eta estrategia eta programa nazionaletan ugalketa-osasuna sartzea.

3.8. Osasun-estaldura unibertsala lortzea, eta, bereziki, hauek izatea: finantza-arriskuen aurkako babesa; kalitatezko oinarrizko osasun-zerbitzuetarako sarbidea; eta seguruak, eraginkorrak, eskuragarriak eta kalitatezkoak diren sendagai eta txertoak eskuratzeko aukera denentzat.

3.9. 2030erako, nabarmen jaistea produktu kimiko arriskutsuek nahiz airearen, uraren eta lurraren kutsadurak eragindako heriotza eta gaixotasunak.

3.a. Osasunaren Mundu Erakundearen Tabakoaren Kontrolerako Esparru Hitzarmenaren aplikazioa indartzea herrialde guztietan, dagokion moduan.

3.b. Batez ere garapen-bidean dauden herrialdeei eragiten dieten gaixotasun kutsakorren eta ez-kutsakorren aurkako txertoak eta sendagaiak ikertzeko eta garatzeko jarduerak bultzatzea, eta oinarrizko sendagaiak eta txertoak eskuragarri izateko bideak erraztea, osasun publikoarekin eta Merkataritzarekin lotutako Jabetza Intelektualeko Eskubideen alderdiei buruzko Hitzarmenaren Dohako Adierazpenarekin bat eginez. Han adierazten da garapen-bidean dauden herrialdeek eskubidea dutela ahalik eta gehien erabiltzeko Merkataritzarekin lotutako Jabetza Intelektualeko Eskubideen alderdiei buruzko Hitzarmenean osasun publikoa babesteko, eta, bereziki, guztientzako medikamentuak eskura izateari buruz adierazten diren xedapenak. 

3.c. Garapen-bidean dauden herrialdeetan, eta, bereziki, aurrerapen txikieneko herrialdeetan eta garapen-bidean dauden uharte-estatu txikietan, asko handitzea osasunaren finantziazioa eta osasun-langileen kontratazioa, garapena eta trebakuntza, eta horrez gain, langile horiei eustea.

3.d. Herrialde guztiek, eta, batez ere, garapen-bidean dauden herrialdeek beren gaitasuna indartzea nazio barruko eta munduko osasunari lotutako arriskuen alerta goiztiarrerako, eta arrisku horiek murrizteko eta kudeatzeko.

4. helburua: Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta bidezkoa bermatzea, eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea.

4.1. Hemendik 2030era, haur guztiek lehen eta bigarren hezkuntzako ikasketak amaitzen dituztela ziurtatzea, eta ikasketa horiek doakoak, bidezkoak eta kalitate onekoak izatea, eta ikaskuntza-emaitza egokiak eta eraginkorrak sortzea.

4.2. Hemendik 2030era, haur guztiek lehen haurtzaroan kalitatezko arretarako eta garapenerako zerbitzuak jasotzeko eta kalitatezko haur-eskolako hezkuntza jasotzeko aukera dutela ziurtatzea, lehen hezkuntzarako prest egon daitezen.

4.3. Hemendik 2030era, gizon eta emakume guztiek kalitatezko prestakuntza tekniko, profesional eta goi-mailakoa eskuratzeko berdintasunezko aukera dutela ziurtatzea, unibertsitate-ikasketak barne.

4.4. Hemendik 2030era, enplegua eta lan duina eskuratzeko gaitasunak nahiz ekintzailetzarako beharrezko gaitasunak (batez ere teknikoak eta profesionalak) dituzten gazte eta helduen kopurua asko handitzea.

4.5. Hemendik 2030era, genero-desberdintasunak deuseztatzea hezkuntzan, eta, horrez gain, irakaskuntzako maila guztietan eta lanbide-heziketan pertsona zaurgarrienek sarbide berdina dutela bermatzea, baita desgaitasunen bat duten pertsonek, herri indigenek eta zaurgarritasun-egoeran dauden haurrek ere.

4.6. Hemendik 2030era, gazte guztiek eta helduen ehuneko handi batek, gizonek nahiz emakumeek, irakurtzen eta idazten badakitela eta aritmetikako oinarrizko ezagutzak badituztela ziurtatzea.

4.7. Hemendik 2030era, ikasle guztiek garapen jasangarria sustatzeko beharrezkoak diren ezagutza teorikoak eta praktikoak eskuratzen dituztela ziurtatzea, besteak beste arlo hauen gaineko hezkuntzaren bidez: garapen jasangarria eta bizi-estilo jasangarriak; giza eskubideak; genero-berdintasuna; bakearen eta indarkeriarik ezaren kultura; munduko herritartasuna; kultura-aniztasunaren balioa; eta kulturak garapen jasangarriari egiten dion ekarpena.

4.a. Haurren beharrak nahiz desgaitasunen bat duten pertsonen beharrak eta genero-desberdintasunak kontuan hartzen dituzten hezkuntza-azpiegiturak eraikitzea eta egokitzea; eta guztientzako ikaskuntza-eremu seguruak, indarkeriarik gabeak, inklusiboak eta eraginkorrak eskaintzea.

4.b. Hemendik 2020ra, asko ugaritzea munduan garapen-bidean dauden herrialdeetarako eskuragarri dauden bekak (bereziki, aurrerapen txikieneko herrialdeetarako, garapen-bidean dauden uharte-estatu txikietarako eta Afrikako herrialdeetarako daudenak), herrialde horietako ikasleek aukera izan dezaten herrialde garatuetako edo garapen-bidean dauden beste herrialde batzuetako goi-mailako irakaskuntza-programetan matrikulatzeko, besteak beste lanbide-heziketako programetan, programa teknikoetan, zientifikoetan, ingeniaritzakoetan eta informazioaren eta komunikazioen teknologiari lotutakoetan.

4.c. Hemendik 2030era, asko handitzea prestakuntza duten irakasleen kopurua, besteak beste, garapen-bidean dauden herrialdeetan irakasleak prestatzeko nazioarteko lankidetzaren bidez, bereziki aurrerapen txikieneko herrialdeetan eta garapen-bidean dauden uharte-estatu txikietan.

5. helburua: Generoen arteko berdintasuna lortzea eta emakume nahiz neskato guztiak ahalduntzea.

5.1. Mundu guztian, emakume eta neskatoen aurkako diskriminazio-modu guztiak amaitzea.

5.2. Emakume eta neskato guztien aurkako indarkeria-mota guztiak desagertzea eremu publiko eta pribatuetan, pertsonen-salerosketa, sexu-esplotazioa eta beste esplotazio-mota batzuk barne.

5.3. Jardunbide kaltegarri guztiak desagertzea; esate baterako, haurren ezkontza goiztiar eta behartuak eta emakumeen genitalen mutilazioa.

5.4. Ordaindu gabeko zaintzak eta etxeko lanak aitortzea eta aintzat hartzea, gizarte-babeserako politiken, zerbitzu publikoen eta azpiegituren bidez, eta, horrez gain, etxean eta familian, partekatutako erantzukizuna sustatzea, herrialde bakoitzari dagokionaren arabera.

5.5. Emakumeen parte-hartze osoa eta eraginkorra nahiz lidergorako aukera-berdintasuna ziurtatzea, bizitza politikoko, ekonomikoko eta publikoko esparru erabakitzaile guztietan.

5.6. Sexu-osasunerako eta ugalketa-osasunerako sarbide unibertsala nahiz ugalketa-eskubideak bermatzea, Populazioari eta Garapenari buruzko Nazioarteko Konferentziaren Ekintza Programarekin, Pekineko Ekintza Plataformarekin eta haien azterketa-konferentzien azken dokumentuekin bat etorriz.

5.a. Erreformei ekitea, emakumeei baliabide-ekonomikoetarako eskubide-berdintasuna emateko nahiz haiek aukera izateko lurren eta beste ondasun batzuen gaineko jabetza eta kontrolerako, finantza-zerbitzuetarako, herentziarako eta natura-baliabideetarako, nazioko legeekin bat etorriz. 

5.b. Tresneria teknologikoaren erabilera hobetzea, bereziki informazioaren eta komunikazioen teknologiarena, emakumeen ahalduntzea sustatzeko.

5.c. Politika egokiak eta lege aplikagarriak onartzea eta indartzea, genero-berdintasuna eta emakume eta neskato guztien ahalduntzea sustatzeko, maila guztietan. 

6. helburua. Uraren erabilgarritasuna eta kudeaketa jasangarria nahiz guztiontzako saneamendua bermatzea. 

6.1. Hemendik 2030era, ur edangarria izateko aukera unibertsal eta bidezkoa lortzea, denentzako prezio egokian.

6.2. Hemendik 2030era, saneamendu- eta higiene-zerbitzu egoki eta bidezkoetarako sarbidea lortzea denentzat, eta eginkariak aire zabalean egin beharra amaitzea, arreta berezia jarrita emakumeen, neskatoen nahiz zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen beharretan.

6.3. Hemendik 2030era, uraren kalitatea hobetzea, eta, horretarako, honako hauek lortzea: kutsadura murriztea; hondakin, produktu kimiko eta material arriskutsuen isurpena murriztea; tratatu gabeko hondakin-uren portzentajea erdira murriztea; eta arriskurik gabeko birziklapena eta berrerabilera nabarmen areagotzea mundu osoan.

6.4. Hemendik 2030era, asko handitzea baliabide hidrikoen erabilera eraginkorra sektore guztietan, eta, horrez gain, ur gezaren erauzketaren eta horniketaren jasangarritasuna bermatzea, ur-gabeziari aurre egiteko eta urik ez duten pertsonen kopurua nabarmen murrizteko.

6.5. Hemendik 2030era, baliabide hidrikoen kudeaketa integratua ezartzea maila guztietan, baita mugaz gaindiko lankidetzaren bidez ere, hala badagokio.

6.6. Hemendik 2020ra, urarekin lotura duten ekosistemak babestea eta berrezartzea, besteak beste basoak, mendiak, hezeguneak, ibaiak, akuiferoak eta lakuak.

6.a. Hemendik 2030era, nazioarteko lankidetza nahiz garapen-bidean dauden herrialdeei emandako laguntza areagotzea, uraren eta saneamenduaren arloko jarduera eta programetan gaitasunak sortzeko; esaterako, arlo hauetan: uraren bilketan, gatzgabetzean, baliabide hidrikoen erabilera eraginkorrean, hondakin-uren tratamenduan, birziklapenean eta berrerabiltzeko teknologietan.

6.b. Tokiko komunitateek ur- eta saneamendu-kudeaketaren hobekuntzan duten parte-hartzea babestea eta sendotzea.

7. helburua. Energia eskuragarria, segurua, jasangarria eta modernoa bermatzea guztiontzat.

7.1. Hemendik 2030era, energia-zerbitzu eskuragarri, fidagarri eta modernoetarako sarbide unibertsala bermatzea.

7.2. Hemendik 2030era, asko handitzea energia berriztagarriek energia-iturri guztien artean duten proportzioa.

7.3. Hemendik 2030era, energia-eraginkortasunaren hobekuntzaren munduko tasa bikoiztea.

7.a. Hemendik 2030era, nazioarteko lankidetza areagotzea, energia garbiari lotutako ikerketarako eta teknologiarako sarbidea ahalbidetzeko (energia-iturri berriztagarriak, energia-eraginkortasuna eta erregai fosilen teknologia aurreratu eta ez hain kutsakorra barne); eta energia-azpiegituretako eta teknologia garbietako inbertsioa sustatzea.

7.b. Hemendik 2030era, guztiei energia-zerbitzu modernoak eta jasangarriak emateko azpiegiturak ugaritzea eta teknologia hobetzea garapen-bidean dauden herrialdeetan, eta, bereziki, aurrerapen txikieneko herrialdeetan, garapen-bidean dauden uharte-estatu txikietan eta garapen-bidean dauden kostalderik gabeko herrialdeetan, betiere, bat etorriz haien laguntza-programekin.

8. helburua. Guztiontzako hazkunde ekonomiko jarraitua, inklusiboa eta jasangarria, enplegu betea eta produktiboa nahiz lan duina sustatzea.

8.1. Per capita hazkunde ekonomikoari eustea, nazio bakoitzeko egoera kontuan hartuz; eta, bereziki, aurrerapen txikieneko herrialdeetan, barne-produktu gordina urtean gutxienez % 7 haztea.

8.2. Produktibitate ekonomiko handiagoa lortzea, dibertsifikazioaren, teknologiaren modernizazioaren eta berrikuntzaren bidez, besteak beste balio erantsi handia duten sektoreetan eta eskulan intentsiboko sektoreetan oinarrituta.

8.3. Ekoizpen-jarduerak, lanpostu duinen sorrera, ekintzailetza, sormena eta berrikuntza babesten dituzten politikak sustatzea garapenera bideratuta; eta, horrez gain, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen sorrera eta hazkundea sustatzea, finantza-zerbitzuak eskuratzeko aukera emanda, behar bada.

8.4. Hemendik 2030era, pixkanaka, munduko baliabideen ekoizpen eta kontsumo eraginkorra hobetzea, eta hazkunde ekonomikoa ingurumenaren degradaziotik bereizten saiatzea, Kontsumo eta Ekoizpen Modalitate Jasangarriei buruzko Programen Hamar Urterako Esparruarekin bat etorriz, garatutako herrialdeetatik hasita.

8.5. Hemendik 2030era, enplegu betea eta produktiboa nahiz enplegu duina lortzea emakume eta gizon guztientzat, baita gazteentzat eta desgaitasunen bat dutenentzat ere; eta balio bereko lanarengatik, denek soldata bera jasotzea lortzea.

8.6. Hemendik 2020ra, nabarmen murriztea enplegurik ez duten eta ikasten edo prestatzen ari ez diren gazteen proportzioa.

8.7 Berehala neurri eraginkorrak hartzea bai bortxazko lana desagertzeko, bai gaur egungo esklabotasun-moduak eta pertsonen salerosketa amaitzeko, eta bai haurren lan-motarik okerrenak debekatu eta amaitu egingo direla bermatzeko (haurrak errekrutatzea eta soldadu gisa erabiltzea barne); eta, hemendik 2025era, haurren lana desagertzea, forma guztietan.

8.8. Lan-eskubideak babestea eta lan-ingurune segurua eta arriskurik gabea sustatzea langile guztientzat, baita langile migratzaileentzat ere, eta, bereziki, emakume migratzaileentzat eta enplegu prekarioak dituzten pertsonentzat.

8.9. Hemendik 2030era, turismo jasangarria sustatzera bideratutako politikak egitea eta martxan jartzea, turismo hori jasangarria, lanpostu-sortzailea eta tokiko kulturaren eta produktuen sustatzailea izan dadin.

8.10. Finantza-erakunde nazionalek pertsona guztientzako banku-, finantza- eta aseguru-zerbitzuetarako sarbidea sustatzeko eta zabaltzeko duten ahalmena indartzea.

8.a. Merkataritzari laguntzeko ekimenarentzako babesa areagotzea garapen-bidean dauden herrialdeetan, bereziki aurrerapen txikieneko herrialdeetan, baita Aurrerapen Txikieneko Herrialdeetako Merkataritza Arloko Laguntza Teknikorako Esparru Integratu Hobetuaren bitartez ere.

8.b. Hemendik 2020ra, gazteen enplegurako munduko estrategia bat garatzea eta martxan jartzea, eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen Enplegurako Munduko Ituna aplikatzea.

9. Helburua: Industria, berrikuntza eta azpiegiturak.

9.1. Azpiegitura fidagarriak, jasangarriak, erresilienteak eta kalitate onekoak egitea, eskualdeetako eta mugaz gaindiko azpiegiturak barne, garapen ekonomikoa eta giza ongizatea babesteko, bereziki zainduz pertsona guztiek azpiegitura horiek modu ekitatiboan eskuragarri dituztela.

9.2. Industrializazio inklusiboa eta jasangarria sustatzea, eta, hemendik 2030era, nabarmen handitzea industriak enpleguari eta barne-produktu gordinari egiten dien ekarpena, nazioen egoerarekin bat etorriz; aurrerapen txikieneko herrialdeetan, berriz, ekarpen hori bikoiztea.

9.3. Industria txikiek eta beste enpresa batzuek finantza-zerbitzuak lortzeko dituzten aukerak handitzea (kredituak arrazoizko prezioan eskuratzeko aukerak ematea barne), bereziki garapen-bidean dauden herrialdeetan, eta industria edo enpresa horiek balio-kateetan eta merkatuetan sartzea ahalbidetzea.

9.4. Hemendik 2030era, azpiegiturak modernizatzea eta industriak eraldatzea, jasangarriak izan daitezen; eta, horretarako, baliabideak eraginkortasun handiagoarekin erabiltzea, teknologia- eta industria-prozesu garbiak eta ingurumenaren ikuspegitik arrazoizkoak direnak erabiltzen direla bermatzea, eta herrialde guztiek beren ahalmenen araberako neurriak hartzea lortzea.

9.5. Ikerketa zientifikoa areagotzea eta industria-sektoreen gaitasun teknologikoa hobetzea herrialde guztietan, bereziki garapen-bidean dauden herrialdeetan; eta, horretarako, berrikuntza sustatzea, eta, hemendik 2030era, nabarmen handitzea ikerketan eta garapenean lan egiten duten pertsonen kopurua (milioi bat biztanleko), bai eta sektore publikoek eta pribatuek ikerketan eta garapenean egiten duten gastua handitzea ere.

9.a. Garapen-bidean dauden herrialdeetan azpiegitura jasangarriak eta erresilienteak egiteko erraztasunak ematea, eta, horretarako, babes finantzario, teknologiko eta tekniko handiagoa ematea Afrikako herrialdeei, aurrerapen txikieneko herrialdeei, garapen-bidean dauden kostalderik gabeko herrialdeei eta garapen-bidean dauden uharte-estatu txikiei.

9.b. Garapen bidean dauden herrialdeetan, nazioko teknologia-garapenari, ikerketari eta berrikuntzari babesa ematea, baita industria‐dibertsifikazioa eta oinarrizko produktuei balioa ematea ahalbidetuko duen araudi‐esparru bat bermatuz ere, besteak beste.

9.c. Nabarmen handitzea informazioaren eta komunikazioen teknologiarako sarbidea, eta, hemendik 2020ra, aurrerapen txikieneko herrialdeei Interneterako sarbide unibertsala eta arrazoizko prezioan emateko ahalegina egitea.

10. helburua. Herrialde bakoitzean eta herrialdeen artean desberdintasunak murriztea.

10.1. Hemendik 2030era, biztanle pobreenen % 40ren diru-sarrerek pixkanaka nazioko batezbestekoa gainditzea, eta hazkunde horri eustea.

10.2. Hemendik 2030era, pertsona guztien gizarte-, ekonomia- eta politika-inklusioa indartzea eta sustatzea, haien adina, sexua, desgaitasuna, arraza, etnia, jatorria, erlijioa, egoera ekonomikoa edo beste edozein egoera edonolakoa izanda ere.

10.3. Aukera-berdintasuna bermatzea eta emaitzen desberdintasuna murriztea; eta, horretarako, lege, politika eta praktika diskriminatzaileak kentzea, eta, trukean, egokiak diren legeak, politikak eta neurriak ezartzea.

10.4. Berdintasun handiagoa lortzeko politikak ezartzea, bereziki, zergei, soldatei eta gizarte-babesari lotutakoak.

10.5. Munduko finantza-merkatuen eta erakundeen araudia eta zaintza hobetzea, eta araudi horien aplikazioa sendotzea.

10.6. Garapen-bidean dauden herrialdeek nazioarteko ekonomia- eta finantza-erakundeek hartutako erabakietan ordezkaritza eta esku-hartze handiagoa dutela bermatzea, erakunde horien eraginkortasuna, fidagarritasuna, kontu-ematea eta legitimotasuna hobetzeko.

10.7. Pertsonen migrazio eta mugikortasun ordenatua, segurua, arautua eta arduratsua erraztea, besteak beste migrazio-politika planifikatuak eta ondo kudeatuak aplikatuz.

10.a. Tratu berezi eta bereiziaren printzipioa aplikatzea garapen-bidean dauden herrialdeei, bereziki aurrerapen txikieneko herrialdeei, bat etorriz Munduko Merkataritza Erakundearen hitzarmenekin.

10.b. Garapenerako eta finantza-korronteetarako laguntza ofiziala sustatzea (atzerriko inbertsio zuzena barne) behar handienak dituzten estatuentzat, eta, bereziki, aurrerapen txikieneko herrialdeentzat, Afrikako herrialdeentzat, garapen-bidean dauden uharte-estatu txikientzat eta garapen-bidean dauden kostalderik gabeko herrialdeentzat, beren plan eta programa nazionalekin bat etorriz.

10.c. Hemendik 2030era, migratzaileen diru-bidalketen transakzio-kostuak % 3 baino gutxiagora murriztea, eta % 5etik gorako kostua duten bidalketa-bideak kentzea.

11. helburua. Hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izatea lortzea.

11.1. Hemendik 2030era, pertsona guztiek etxebizitza eta oinarrizko zerbitzu egokiak eta seguruak dituztela eta arrazoizko prezioan eskuratzen dituztela bermatzea, eta auzo marjinalak hobetzea.

11.2. Hemendik 2030era, pertsona guztiei garraio-sistema seguruak, arrazoizko prezioan, irisgarriak eta jasangarriak izateko aukera ematea, eta errepideko segurtasuna hobetzea, batez ere garraio publikoa zabalduz eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen beharrei arreta berezia jarriz (emakumeei, haurrei, desgaitasunen bat dutenei eta adineko pertsonei).

11.3. Hemendik 2030era, hirigintza inklusiboagoa eta jasangarriagoa sustatzea, eta giza kokaguneen plangintza eta kudeaketa parte-hartzaileagoak, integratuagoak eta jasangarriagoak izateko gaitasuna handitzea, herrialde guztietan.

11.4. Munduko kultura- eta natura-ondarea babesteko eta zaintzeko ahaleginak bikoiztea.

11.5. Hemendik 2030era, nabarmen murriztea hondamendien ondorioz (urarekin zerikusia duten hondamendiak barne) hildako eta kaltetutako pertsonen kopurua, eta, munduko barne-produktu gordinarekin alderatuta, nabarmen murriztea hondamendiek sortutako zuzeneko galera ekonomikoak, arreta berezia jarriz pobreak eta zaurgarritasun-egoeran daudenak babesteari.

11.6. Hemendik 2030era, hirietako per capita ingurumen-eragin negatiboa murriztea, eta arreta berezia jartzea airearen kalitateari eta udal-hondakinen eta beste hondakin batzuen kudeaketari.

11.7. Hemendik 2030era, berdegune eta espazio publiko seguru, inklusibo eta irisgarriak edukitzeko aukera unibertsala izatea, bereziki emakumeentzat, haurrentzat, adinekoentzat eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat.

11.a. Hiriguneen, hiri-inguruen eta landa-eremuen arteko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-loturak babestea; eta, horretarako, nazio- eta eskualde-grapenaren plangintza sendotzea.

11.b. Hemendik 2020ra, nabarmen areagotzea inklusioa sustatzeko, baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzeko, klima-aldaketaren ondorioak samurtzeko, klima-aldaketara egokitzeko eta hondamendien aurkako erresilientziarako politika eta plan integratuak bereganatzen eta ezartzen dituzten hirien eta giza kokaguneen kopurua; eta Hondamendien Arriskua Murrizteko 2015-2030 aldirako Sendaiko Esparruarekin bat etorriz, hondamendi-arriskuen kudeaketa integrala garatzea eta martxan jartzea, maila guztietan.

11.c. Tokiko materiala erabiliz eraikin jasangarriak eta erresilienteak eraiki ahal izateko babesa ematea aurrerapen txikieneko herrialdeei, besteak beste finantza-laguntzaren eta laguntza teknikoaren bidez.

12. helburua. Kontsumo- eta ekoizpen-modalitate jasangarriak bermatzea.

12.1. Kontsumo eta Ekoizpen Modalitate Jasangarriei buruzko Programen Hamar Urterako Esparrua aplikatzea, herrialde guztien parte-hartzearekin eta garatutako herrialdeek gidatuta, kontuan izanda garapen-bidean dauden herrialdeen garapen-maila eta ahalmena.

12.2. Hemendik 2030era, baliabide naturalen kudeaketa jasangarria eta erabilera eraginkorra lortzea.

12.3. Hemendik 2030era, munduan, txikizkako salmentan eta kontsumitzaileen artean per capita alferrik galtzen diren elikagaien kopurua erdira murriztea, eta ekoizpen- eta horniketa-kateetako elikagai-galerak ere murriztea, uztaren ondorengo galerak barne.

12.4. Hemendik 2020ra, produktu kimikoak eta hondakin guztiak ekologikoki arrazoizkoa den moduren batean kudeatzea beren bizitza-zikloan, hitzartutako nazioarteko esparruekin bat etorriz; eta nabarmen murriztea atmosferara, uretara eta lurrera egiten diren isuriak, horiek giza osasunean eta ingurumenean dituzten eragin kaltegarriak arintzeko.

12.5. Hemendik 2030era, nabarmen murriztea hondakinen sorrera; eta, horretarako, prebentzio-, murrizketa-, birziklatze- eta berrerabilpen-jarduerak egitea.

12.6. Enpresak animatzea jardunbide jasangarriak erabiltzera eta jasangarritasunari buruzko informazioa sartzera beren txostenen aurkezpenean, bereziki enpresa handiak eta transnazionalak badira.

12.7. Erosketa publikoko jardunbide jasangarriak sustatzea, politika eta lehentasun nazionalekin bat etorriz.

12.8. Hemendik 2030era, mundu osoko pertsonek garapen jasangarriari buruzko eta naturarekin bat datorren bizi-estiloari buruzko beharrezko informazioa eta ezagutzak badituztela bermatzea.

12.a. Garapen-bidean dauden herrialdeei beren zientzia- eta teknologia-ahalmena sendotzen laguntzea, kontsumo- eta ekoizpen-modalitate jasangarriagoetarantz aurrera egiteko.

12.b. Turismoak garapen jasangarrian dituen eraginak zaintzeko tresnak sortzea eta aplikatzea, turismo hori jasangarria, lanpostu-sortzailea eta tokiko kultura eta produktuen sustatzailea izan dadin.

12.c. Erregai fosilentzako diru-laguntza ez-eraginkorrak arrazionalizatzea, ekonomiaren aurkako kontsumoa sustatzen baitute, eta, horretarako, merkatuko distortsioak kentzea, egoera nazionalen arabera, bai eta zerga-sistemak berregituratzea eta, pixkanaka, diru-laguntza kaltegarriak kentzea ere (halakorik balego), ingurumenean duten eragina agerian gera dadin. Hori guztia egiteko, erabat kontuan izan behar dira garapen-bidean dauden herrialdeen behar eta baldintza zehatzak, eta haien garapenean sor ditzaketen eragin kaltegarriak murriztu behar dira, pobreak eta komunitate kaltetuak babesteko.

13. helburua. Neurri urgenteak hartzea klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurka egiteko*.

13.1. Klimari eta hondamendi naturalei lotutako arriskuekiko erresilientzia eta arrisku horietara egokitzeko ahalmena sendotzea herrialde guztietan.

13.2. Klima-aldaketari lotutako neurriak sartzea politika, estrategia eta plan nazionaletan.

13.3. Klima-aldaketa murriztearekin, horretara egokitzearekin, aldaketaren eraginak arintzearekin eta alerta goiztiarrarekin lotutako hezkuntza, sentsibilizazioa, giza ahalmena eta erakunde- gaitasuna hobetzea.

13.a. Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioan parte hartzen duten herrialde garatuek beren konpromisoa betetzea; hau da, 2020rako, urtean 100.000 milioi dolar (iturri guztietatik jasoak) erabiltzea, denen artean, garapen-bidean dauden herrialdeek klima-aldaketa arintzeko neurri zehatzak hartu ahal izateko eta horiek gardentasunez aplikatu ahal izateko dituzten beharrei erantzuteko; eta Klimarako Funts Berdea martxan jartzea, ahalik eta azkarren kapitalizatzeko.

13.b. Klima-aldaketarekin lotuta, plangintza eta kudeaketa eraginkorrerako ahalmena areagotzeko mekanismoak sustatzea aurrerapen txikieneko herrialdeetan eta garapen-bidean dauden uharte-estatu txikietan; eta arreta berezia jartzea emakumeengan, gazteengan, tokiko komunitateetan eta komunitate marjinatuetan.

* Kontuan hartuta Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioa dela gobernuen arteko nazioarteko foro nagusia, klima-aldaketari munduan eman beharreko erantzuna negoziatzeko.

14. helburua: Ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak zaintzea eta modu jasangarrian erabiltzea, garapen jasangarriari begira.

14.1. Hemendik 2025era, mota guztietako itsas kutsadura saihestea eta nabarmen murriztea, bereziki, lehorrean eginiko jardueren bidez sortutakoa, itsas detrituak eta mantenugaiengatiko kutsadura barne.

14.2. Hemendik 2020ra, itsasoko eta kostaldeko ekosistemak modu jasangarrian kudeatzea eta babestea, eragin kaltegarri handiak saihesteko; eta, horretarako, behar bada, ekosistemen erresilientzia sendotzea eta horiek leheneratzeko neurriak hartzea, ozeanoen osasuna eta produktibitatea berreskuratze aldera.

14.3. Ozeanoen azidotzearen eraginak minimizatzea eta horiei aurre egitea, besteak beste, maila guztietan lankidetza zientifiko handiagoa jarriz martxan.

14.4. Hemendik 2020ra, modu eraginkorrean arautzea arrantza-ustiapena, eta amaiera ematea gehiegizko arrantzari, legez kanpokoari, aitortu gabekoari eta arautu gabekoari, baita arrantza-jardunbide suntsitzaileei ere; horrez gain, oinarri zientifikoa duten kudeaketa-planak aplikatzea, arrain-populazioak ahalik eta epe motzenean leheneratzeko, beren ezaugarri biologikoen arabera ahalik eta errendimendu jasangarriena emango duten mailetara iristeko gutxienez.

14.5. Hemendik 2020ra, gutxienez kostaldeen eta itsas eremuen % 10 kontserbatzea, lege nazionalekin eta nazioarteko zuzenbidearekin bat etorriz eta oinarri gisa erabilgarri dagoen informazio zientifiko hoberena erabiliz.

14.6. Hemendik 2020ra, ahalmenen gaineko arrantza eta gehiegizko arrantza ahalbidetzen dituzten diru-laguntzak debekatzea; legez kanpoko arrantza, aitortu gabekoa eta arautu gabekoa ahalbidetzen duten diru-laguntzak kentzea; eta mota horretako diru-laguntza gehiago ez sortzea. Ildo horretatik, arrantzarako diru-laguntzei buruz Munduko Merkataritza Erakundearen esparruan egiten diren negoziazioetan, tratu berezi, bereizi, egoki eta eraginkorra eman behar zaie garapen-bidean dauden herrialdeei eta aurrerapen txikieneko herrialdeei¹.

  14.7. Hemendik 2030era, garapen-bidean dauden uharte-estatu txikiek eta aurrerapen txikieneko herrialdeek beren itsas baliabideak modu jasangarrian erabilita lortzen dituzten irabazi ekonomikoak handitzea, bereziki arrantzaren, akuikulturaren eta turismoaren kudeaketa jasangarriaren bidez lortzen dituztenak.

14.8. Ezagutza zientifikoak areagotzea, ikerketa-ahalmena garatzea eta itsas teknologia transferitzea, Gobernu Arteko Ozeanografia Batzordearen itsas teknologia transferitzeko irizpideak eta gidalerroak kontuan hartuz; hori guztia, ozeanoen osasuna hobetzeko eta itsas biodibertsitateak garapen-bidean dauden herrialdeei egiten dien ekarpena areagotzeko, bereziki garapen-bidean dauden uharte-estatu txikiei eta aurrerapen txikieneko herrialdeei egiten diena.

14.9. Artisau-arrantzaleei itsas baliabideak eskuratzeko eta merkatuetara sartzeko aukerak handitzea.

14.10. Ozeanoen eta bertako baliabideen kontserbazioa eta erabilera jasangarria hobetzea, Itsas Zuzenbideari buruzko Nazio Batuen Konbentzioan jasotako nazioarteko zuzenbidea aplikatuz; hain zuzen ere, zuzenbide hori da ozeanoak eta bertako baliabideak zaintzeari eta modu jasangarrian erabiltzeari buruzko esparru juridikoa, Nahi dugun etorkizuna agiriaren 158. paragrafoak zehazten duen moduan.

¹ Kontuan izanda zer ari diren negoziatzen Munduko Merkataritza Erakundea, Garapenerako Dohako Programa eta Hong Kongeko Ministro Adierazpena.

15. helburua. Basoak modu jasangarrian kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa inbertitzea eta biodibertsitatearen galera gelditzea.

15.1. 2020rako, lehorreko ekosistemen eta ur gezaren barne-ekosistemen eta horien zerbitzuen zaintza, berrezarpena eta erabilera jasangarria bermatzea, bereziki basoena, hezeguneena, mendiena eta gune lehorrena; hori guztia, bat etorriz nazioarteko hitzarmenen bidez ezarritako betebeharrekin.

15.2. 2020rako, baso-mota guztien kudeaketa jasangarria izan dadila sustatzea; basogabetzeak amaiaraztea; hondatutako basoak leheneratzea; eta baso-landaketak eta basoberritzeak handitzea munduan.

15.3. Hemendik 2030era, basamortutzearen aurka egitea, lur eta lurzoru degradatuak birgaitzea (basamortutzeek, lehorteek eta uholdeek kaltetutako lurrak barne) eta munduak lurzoruaren degradazio neutroa izan dezala lortzen saiatzea.

15.4. Hemendik 2030era, ekosistema menditsuen kontserbazioa zaintzea (horien dibertsitate biologikoa barne), garapen jasangarrirako funtsezko onurak emateko duten ahalmena hobetzeko.

15.5. Habitat naturalen degradazioa murrizteko, neurri urgenteak eta garrantzitsuak hartzea; biodibertsitatearen galera geldiaraztea; eta, 2020rako, arriskuan dauden espezieak babestea eta desager ez daitezen lortzea.

15.6. Baliabide genetikoak erabiltzetik sortutako irabazietan partaidetza zuzena eta bidezkoa sustatzea, eta baliabide horietarako sarbide egokia sustatzea, nazioartean hitzartutakoaren arabera.

15.7. Premiazko neurriak hartzea ezkutuko ehiza eta flora- eta fauna-espezie babestuen trafikoa amaitzeko nahiz legez kanpoko basoko produktuen eskari eta eskaintzari aurre egiteko.

15.8. 2020rako, espezie exotiko inbaditzaileak sartzea saihesteko eta horiek lehorreko nahiz uretako ekosistemetan dituzten eraginak nabarmen murrizteko neurriak hartzea, eta lehentasunezko espezieak kontrolatzea edo desagerraraztea.

15.9. 2020rako, ekosistemen eta biodibertsitatearen balioak sartzea nazioko eta tokiko plangintzetan, garapen-prozesuetan, pobrezia murrizteko estrategietan eta kontabilitatean. 

15.10. Biodibertsitatea eta ekosistemak zaintzeko eta modu jasangarrian erabiltzeko, iturri guztietatik datozen finantza-baliabideak mobilizatzea eta nabarmen handitzea.

15.11. Baso-kudeaketa jasangarria finantzatzeko iturri guztietako eta maila guztietako baliabideen bolumen handia mobilizatzea; eta, horrez gain, garapen-bidean dauden herrialdeei pizgarri egokiak ematea, kudeaketa hori susta dezaten, bereziki kontserbazioari eta basoberritzeari begira.

15.12. Ezkutuko ehizaren eta babestutako espezieen trafikoaren aurkako borrokari munduan ematen zaion babesa handitzea, bereziki tokiko komunitateei iraupen-aukera jasangarriak sustatzeko ahalmena handituta. 

16. helburua: Bidezkoak, bakezaleak eta inklusiboak diren gizarteak sustatzea.

16.1. Nabarmen murriztea indarkeria-mota guztiak eta horiei lotutako heriotza-tasak, mundu guztian.

16.2. Haurren kontrako tratu txarrak, esplotazioa eta indarkeria- nahiz tortura-mota guztiak amaiaraztea.

16.3. Zuzenbidezko estatua sustatzea nazio barruan nahiz nazioartean, eta justizia eskuragarri izateko aukera-berdintasuna bermatzea denentzat.

16.4. Hemendik 2030era, nabarmen murriztea legez kanpo finantzen eta armen fluxuak; lapurtutako aktiboak itzultzea eta berreskuratzea; eta antolatutako delinkuentzia-mota guztien aurka borroka egitea.

16.5. Nabarmen murriztea ustelkeria eta eroskeria, beren forma guztietan.

16.6. Kontuak emango dituzten erakunde eraginkorrak eta gardenak sortzea, maila guztietan.

16.7. Beharrei erantzungo dieten erabaki inklusiboak, parte-hartzezkoak eta errepresentatiboak hartuko direla bermatzea, maila guztietan.

16.8. Garapen-bidean dauden herrialdeen parte-hartzea areagotzea eta sendotzea munduko gobernantza-erakundeetan.

16.9. Hemendik 2030era, nortasun juridikoa izateko aukera ematea denei, batez ere jaiotzen erregistroaren bidez.

16.10. Informaziorako sarbide publikoa bermatzea eta oinarrizko askatasunak babestea, lege nazionalekin eta nazioarteko hitzarmenekin bat etorriz.

16.11. Dagozkion erakunde nazionalak indartzea, baita nazioarteko lankidetzaren bidez ere, indarkeria saihesteko eta terrorismoari eta delinkuentziari aurre egiteko gaitasuna sortzeko, maila guztietan, bereziki garapen-bidean dauden herrialdeetan.

16.12. Diskriminatzaileak ez diren legeak eta politikak sustatzea eta aplikatzea garapen jasangarriaren alde.

17. helburua: Garapen Jasangarrirako Munduko Ituna biziberritzea.

Finantzak

17.1. Barneko baliabideen mobilizazioa indartzea, besteak beste, nazioarteko babesa emanez garapen-bidean dauden herrialdeei, nazioek ahalmen handiagoa izan dezaten zergen bidezko diru-sarrerak eta bestelakoak biltzeko.

17.2. Garatutako herrialdeek garapenerako laguntza ofiziala emateko hartutako konpromisoak erabat betetzen dituztela zaintzea, hainbat herrialdek hartutako honako konpromiso hau barne: diru-sarrera nazional gordinaren % 0,7 garapen-bidean dauden herrialdeen garapenerako laguntza ofizialera bideratzea, eta diru-sarrera nazional gordinaren % 0,15 eta % 0,20 artean aurrerapen txikieneko herrialdeen garapenerako laguntza ofizialera bideratzea. Horrez gain, garapenerako laguntza ofizialaren emaileak honako helburu hau jartzera bultzatzen dira: diru-sarrera nazional gordinaren % 0,20, gutxienez, aurrerapen txikieneko herrialdeen garapenerako laguntza ofizialera bideratzea.

17.3. Hainbat iturritako finantza-baliabide gehigarriak mobilizatzea, garapen-bidean dauden herrialdeentzat.

17.4. Garapen-bidean dauden herrialdeei epe luzerako zorraren jasangarritasuna lortzeko laguntza ematea, politika koordinatuen bidez zorra finantzatzeko, arintzeko nahiz berregituratzeko (dagokiona); eta, horrez gain, oso zorpetuta dauden herrialde pobreen kanpoko zorrari aurre egitea, gehiegizko zorpetzea murrizte aldera.

17.5. Aurrerapen txikieneko herrialdeen aldeko inbertsioak sustatzeko sistemak ezartzea eta aplikatzea.

Teknologia

17.6. Eskualdeetako eta nazioarteko Iparra-Hegoa eta Hegoa-Hegoa lankidetza hobetzea, baita lankidetza triangeluarra ere, honako arlo hauetan: zientzia, teknologia, berrikuntza eta horietarako sarbidea; eta, horrez gain, ezagutzen trukea areagotzea, bi aldeen artean hitzartutako baldintzetan, egungo mekanismoen arteko koordinazioa hobetuz (bereziki, Nazio Batuei dagokienez) eta teknologia eskura jartzeko munduko mekanismo baten bidez.

17.7. Ekologikoki arrazoizkoak diren teknologien garapena sustatzea eta horiek garapen-bidean dauden herrialdeetara transferitzea, haietan jakitera eman eta zabaltzea, baldintza onetan, baita emakida moduan eta lehentasun-baldintzetan ere, aldeen artean zer hitzartu den.

17.8. Beranduenez ere 2017an, teknologia-bankua eta zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloan gaitasuna sortzeko babes-mekanismoa martxan jartzea, aurrerapen txikieneko herrialdeentzat; eta tresneria-teknologiaren erabilera areagotzea, bereziki informazioaren eta komunikazioen teknologiarena.

Gaitasunak sortzea

17.9. Garapen-bidean dauden herrialdeetan gaitasunak sortzeko jarduera eraginkorrak eta espezifikoak gauzatzeko nazioarteko babesa areagotzea, Garapen Jasangarrirako Helburu guztiak ezartzeko plan nazionalak babesteko, Iparra-Hegoa eta Hegoa-Hegoa lankidetzaren bitartez, eta lankidetza triangeluarraren bitartez ere bai.

17.10. Alde anitzeko merkataritza-sistema unibertsal bat sustatzea, arauetan oinarritua, irekia, diskriminaziorik gabea eta bidezkoa, Munduko Merkataritza Erakundearen esparruan, baita Garapenerako Dohako Programaren esparruan negoziazioak itxiz ere.

17.11. Garapen-bidean dauden herrialdeen esportazioak nabarmen handitzea, bereziki, aurrerapen txikieneko herrialdeek munduko esportazioetan duten parte-hartzea bikoizteko hemendik 2020ra.

17.12. Eskubideen eta kontingenteen merkatu libreetarako sarbidea behar bezala eta modu iraunkorrean lortzea aurrerapen txikieneko herrialde guztientzat, bat etorriz Munduko Merkataritza Erakundearen erabakiekin; eta, horretarako, aurrerapen txikieneko herrialdeen inportazioei aplika dakizkiekeen lehentasunezko eta jatorrizko arauak gardenak eta errazak direla eta merkatuetarako sarbidea errazten dutela zaintzea.

Kontu sistemikoak

Araudien koherentzia eta erakundeen koherentzia

17.13. Munduko egonkortasun makroekonomikoa handitzea, besteak beste politiken arteko koordinazioaren eta koherentziaren bidez.

17.14. Garapen jasangarrirako politiken koherentzia hobetzea.

17.15. Pobrezia desagerrarazteko eta garapen jasangarrirako politikak ezartzeko eta aplikatzeko herrialde bakoitzak dituen araudi-marjina eta lidergoa errespetatzea.

Hainbat interesdunen arteko aliantzak

17.16. Garapen Jasangarrirako Munduko Ituna hobetzea eta horren osagarri izango diren aliantzak egitea hainbat interesdunen artean, ezagutzak, espezializazioa, teknologia eta finantza-baliabideak mobilizatzeko eta trukatzeko, eta hala, herrialde guztietan, eta bereziki garapen-bidean daudenetan, Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko babesa emateko.

17.17. Esfera publikoan, publiko-pribatuan eta gizarte zibilean, aliantza eraginkorrak sortzea sustatzea, aliantzek baliabideak eskuratzeko dituzten estrategiak eta esperientzia baliatuz.

Datuak, gainbegiratzea eta kontuak ematea

17.18. Hemendik 2020ra, garapen-bidean dauden herrialdeei (aurrerapen txikieneko herrialdeak eta garapen-bidean dauden uharte-estatu txikiak barne) gaitasunak sortzeko emandako babesa hobetzea, datu egokiak, fidagarriak eta kalitate onekoak askoz eskuragarriago izan ditzaten, eta hainbat faktoreren arabera banakatuta: diru-sarreren, sexuaren, adinaren, arrazaren, jatorri etnikoaren, migrazio-estatusaren, desgaitasunen, kokapen geografikoaren eta testuinguru nazionaletan egokitzat jotzen diren beste ezaugarri batzuen arabera.

17.19. Hemendik 2030era, martxan dauden egitasmoak aprobetxatzea, garapen jasangarriaren arloan egindako aurrerapenak neurtzeko aukera emango duten zenbait adierazle sortzeko (adierazle horiek barne-produktu gordinaren osagarri izango dira), eta garapen-bidean dauden herrialdeetan gaitasun estatistikoa sortzen laguntzea.